- EPEk 225 milioi euro mobilizatuko ditu 2030era arte, 45 milioi euroko ekarpen publikoarekin eta 180 milioi euroko inbertsio pribatuarekin
- Amaia Barredo: “Egurra sektore estrategikoa da Euskadirentzat, eta Gobernu honek sektoreari lagundu egingo dio eraldaketa-prozesuan, basoa, industria, enplegua eta berrikuntza indartuz”
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko Egurraren Plan Estrategikoa 2030 (EPE 2030) aurkeztu du. Ibilbide-orri berri horren bidez, datozen urteetan basoaren eta egurraren balio-kate osoa indartu eta eraldatu nahi da. Planak 2030era ezartzen du begirada, eta 2026an jarriko ditu abian lehen jarduerak, sektoreak dituen erronka nagusiei erantzuteko eta jarduera ekonomikoa, enplegua, berrikuntza eta lurraldearen kudeaketa jasangarria sortzeko duen gaitasuna sendotzeko.
EPE 2030ek 225 milioi euroko mobilizazio ekonomikoa aurreikusten du 2026-2030 aldian: 45 milioi euroko ekarpen publikoa eta 180 milioi euroko inbertsio pribatua. Planteamenduaren helburua ahalegin publikoak enpresen inbertsioa bultzatzea eta basoaren eta zuraren balio-kate osoaren lehiakortasuna hobetzeko gai diren proiektuak bizkortzea da.
Estrategia abiapuntu erreal batetik sortu da: egurra baliabide berriztagarria da, estrategikoa Euskadirentzat eta zuzenean lotuta dago lurraldearen kudeaketarekin, landa-ekonomiarekin eta industria-jarduerarekin. Sektoreak, aldi berean, hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola klima-aldaketari, basoen osasunari, baso-baliabideen kudeaketan eta mobilizazioan aurrera egiteko beharrari, nazioarteko lehiari, teknologia berriak txertatzeari eta belaunaldi-erreleboari.
EPEk, hain zuzen ere, erronka horiei ikuspegi integral batetik heldu nahi die, balio-kate osoan jardunez: basotik eta baso-baliabideen jabe eta kudeatzaileetatik hasi, eta eraldaketako enpresetara, berrikuntzara, prestakuntzara eta egurraren erabilera berrietara iritsita. Horretarako, gobernantza publiko-pribatuko eredu moderno bat eta etorkizuneko erronketara egokitua artikulatuko du.
“Egurra Euskadik datozen urteetan landu behar dituen lehentasunetako asko biltzen dituen sektorea da: lurraldearen kudeaketa jasangarria, jarduera ekonomikoa, industria, berrikuntza, enplegua eta klima-aldaketaren aurkako borroka. Horregatik, plan hau ez da baso-sektorerako estrategia hutsa: Euskadiren etorkizunerako balio-kate estrategiko baten aldeko apustua da”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.
Sektorea eraldatzeko bost proiektu
EPE 2030 bost proiektu estrategiko handiren inguruan egituratzen da. Proiektu horiek jarduera traktore eta zeharkako gisa planteatu dira, eta sektoreko administrazioen eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren bidez garatu beharko dira.
Lehenengoak baso-kudeaketaren profesionalizazioa eta egur-horniduraren hobekuntza ditu ardatz. Helburua balio-kateko eragileen arteko koordinazioa hobetzea, plangintza indartzea eta lankidetza sustatzea da, industriaren hornidura bermatzeko eta lehengaien mobilizazioa eraginkorragoa egiteko.
Bigarren proiektuak euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzea du xede, nazioarteko lehiari aurre egiteko. Hazkundera, integraziora, dibertsifikaziora, espezializaziora eta enpresen jarraitutasunera bideratutako enpresa-proiektuak babestuko dira, baita belaunaldi-erreleboa eta jardueraren eta tokiko errotzearen mantentzea ere.
Hirugarrena Bitek sortzea da, basogintzako I+G+b-ko unitate misto berria. NEIKERen ezagutza zientifikoa eta HAZIren esperientzia aplikatua uztartuko ditu. Unitatearen eginkizuna ikerketa sektorearen benetako beharretara bideratzea izango da, urtero lehentasunezko proiektuak garatuz, besteak beste, basoen osasunarekin, hobekuntza genetikoarekin eta berrikuntzarekin lotuta.
Laugarren proiektuak, Baskegur 2030, etapa berri bati ekingo dio sektore-egitura horretan, bere helburuak, eginkizunak, baliabideak eta taldea basoaren eta zuraren balio-katearen egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz. Helburua sektore osoari laguntza espezializatua, arina eta eraginkorra eskaintzeko duen gaitasuna indartzea da.
Azkenik, EPEk Egurraren eta Digitalizazioaren Behatokia bultzatuko du. Behatokiaren helburua sektoreari buruz dagoen informazioa hobetzea eta datuen digitalizazioan eta elkarreragingarritasunean aurrera egitea izango da. Kalitate handiagoko eta eguneratuagoko informazioa eskainiko du erabakiak hartzea errazteko, trazabilitatea hobetzeko eta analisi-tresnetan, adimen artifizialean eta teknologietan, hala nola sentsoreetan, biki digitaletan edo klima-iragarpeneko ereduetan, aurrera egiteko.
Bost proiektu horiei, Euskadiko Baso Plan berriaren esparruan, beste bi ildo estrategiko gehituko zaizkie: batetik, arau eta jarduera-esparrua eguneratzea; eta, bestetik, espezieen estrategia bat garatzea, basoen osasunean, hobekuntza genetikoan, esperimentazioan eta dibertsifikazioan aurrera egiteko eta ekoizpenerako espezie bakar baten mendekotasuna murrizteko.
Baso-kudeaketa gehiago, berrikuntza gehiago eta bertako egur gehiago
EPE 2030ek bost helburu nagusi ezartzen ditu: basoaren eta egurraren balio-kate osoaren lehiakortasuna eta erresilientzia hobetzea; prestakuntza eta belaunaldi-erreleboa bultzatzea; I+G+b eta baso-bioekonomia indartzea; mendien kudeaketa jasangarria sustatzea; eta sektoreko gobernantza arinagoa eta etorkizunari aurre egiteko prestatuagoa sendotzea.
Estrategiak arreta berezia eskaintzen dio prestakuntzari eta belaunaldi-erreleboari, profesional berriak sektorean sartzea eta gaitzea sustatzeko neurrien bidez, bereziki gazteen eta emakumeen artean. Era berean, egurraren erabilerak zabaltzearen eta bioekonomiarekin eta jatorri ez-berriztagarriko materialen ordezkapenarekin lotutako biomaterial, produktu eta irtenbide berriak garatzearen alde egiten du.
Jasangarritasunaren arloan, planak ingurumen eta klima-erronkekin bateragarria den baso-kudeaketa aktiboa indartu nahi du, eta, aldi berean, bertako eta jasangarritasunez ekoitzitako egurraren kontsumoa sustatu. Helburuen artean dago 2030era bitartean bertako edo gertuko egurrak industria-kontsumoan duen pisua handitzea, %75-80 ingurura iritsiz, gaur egungo %70 ingurutik abiatuta.
Estrategia irekia, urteko jarraipenarekin
EPE 2030 plan bizi eta ireki gisa planteatzen da, eta horri esker urtero jarduerak gehitu edo egokitu ahal izango dira, sektorearen bilakaeraren, antzemandako beharren eta testuinguru ekonomiko, ingurumeneko eta teknologikoaren arabera.
Estrategia horren bidez, Eusko Jaurlaritzak egonkortasuna eta etorkizuneko ikuspegia eman nahi dizkio landa- eta baso-ingurunea euskal industriarekin zuzenean lotzen dituen sektoreari. Helburua sektoreak dagoeneko jasaten ari den aldaketei aurre egiteko duen gaitasuna indartzea eta bioekonomiak, berrikuntzak eta material berriztagarrien gero eta eskari handiagoak eskaintzen dituzten aukerak baliatzea da.








