Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamarekin batera, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkaritza bat hartu du, bai eta Erentzun ikastolako eta San Fermin Ikastolako zuzendariei ere, urriaren 18an Zizur eta Galar artean egingo den Nafarroa Oinez 2026 jaia dela eta. Oier Sanjurjo lehendakariak, Josu Reparaz erakunde honetako zuzendariak, eta aurten elkarrekin Nafarroa Oinez antolatzen ari diren Garbiñe Zulaika Vianako Erentzun Ikastolako zuzendariak eta Uxue Lazkano Zizurko San Fermin Ikastolako zuzendariak osatu dute Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkaritza.
Horrela, San Fermin Ikastolak eta Erentzun Ikastolak, hurrenez hurren 1965ean eta 1978an sortuak, hirugarren eta laugarren aldiz antolatuko dute ikastolen jaia Nafarroan hurrenez hurren, 2000. eta 2012. urteetan Zizurko ikastolaren kasuan ospatutakoen ondoren: eta 1992, 2007 eta 2016 urteetan Vianako ikastolaren kasuan. Oraingo honetan, Vianako eta Zizurko kastolek Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolaren lekukoa hartzen dute.
Bidean bat gara
Hain zuzen ere, Nafarroako ikastolen eta euskararen aldeko jaiaren 45. edizioak «Bidean bat gara» leloa izango du aurten. Horrekin, ikastetxeek euskararen jai honetan aldarrikatzen dute ikastolak eta euskaltzale guztiak oso beharrezkoak direla Nafarroako herritar guztien hizkuntza honen eskubideak eta normalizazioa lortzeko bidean. Aukeratutako leloak Nafarroa Oinezen aurtengo edizioa elkarrekin antolatzearen arrazoia ere azaltzen du: BIDEAN BAT GARA.
Bidean hitzak jasotzen duen bezala, oraingo honetan bi erakunde elkartu dira helburu berarekin: euskara berezko hizkuntza dela uste duten pertsona guztientzako topaleku bat sortzea. Bi ikastolek uste dute «oraindik bide honetan aurrera egiten jarraitu behar dugula eta eragile ezberdinak elkartu nahi ditugula bide horretan, denok bat eginda: bat gara; euskararen defentsarekin bat gatozelako, etorkizun oparoa erein dezakegula uste dugulako eta guztiok beharrezkoak garelako».
Era berean, Nafarroa Oinezeko antolatzaileen helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira: ikastola guztiak bat dira; etorkizuneko proiektu izaten jarraitzen dute; beharrezkoak dira Nafarroan eta Euskadin, euskararen transmisioan eta kultura propioan laguntzen jarraitzeko; herriak eta herriarentzat sortuak dira; hezkuntza proiektu propioa dute, aberasten jarraitu nahi dutena; euskaldunen hizkuntza eskubideak eta berezko hizkuntza honen normalizazioa aldarrikatu nahi dituzte Nafarroa osoan; gizartearekin konprometituta daude; eta funtsa kooperatiboa dute, ez pribatua.
Nafarroako Jauregian izandako bileran, Nafarroako Ikastolen Federazioko eta, aldi berean, Nafarroa Oinezeko ordezkariek zehatz-mehatz azaldu dituzte hilabete hauetan zehar urriko hirugarren igandera arrakastaz iristeko egin diren lanak. Era berean, Ollo lehendakariordeak ospakizunera joango dela baieztatu nahi izan du, eta eskerrak eman dizkie bertaratutakoei, bai eta komunitate euskalduna osatzen duten Nafarroako familia guztiei ere, «gure hizkuntza propioa den aberastasun iturri hori, euskara, sustatzen etengabe egindako ahaleginagatik».
Azkenik, Ollok Nafarroa Oinez bezalako jai baten garrantzia azpimarratu nahi izan du, izan ere, Nafarroan milaka familiak euskara bizirik mantentzeko egiten duten ahalegin kolektiboa irudikatzen du, eta aldi berean, Foru Komunitatearen kohesio sozialari laguntzen dion irakaskuntza eredu kooperatibo honen balio garrantzitsua aitortu du.








