Nola komunikatu klima-aldaketa katastrofismorik gabe

0

Hedabide eta plataforma digitaletan krisi klimatikoari nola heltzen zaion aztertu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gureiker taldeko Ángela Alonso Jurnet ikertzaileak aukera-dekalogo batean jaso ditu komunitate zientifikoak, herritarrek eta aktibismo klimatikoak baliatzen dituzten estrategia eraginkorrenak.

Krisi klimatikoa bilakatu da XXI. mendeko erronkarik handiena. Komunitate zientifikoa bat dator: berotze globala inoiz ez bezalako erritmoan ari da aurrera egiten, eta erakundeen eta gizartearen erantzunak urriegiak dira oraindik ere. Ángela Alonso Jurnet Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gureiker taldeko ikertzaileak aztertu du nola komunikatzen den krisi klimatikoa hedabide eta plataforma digitaletan (TikTok, X, Instagram, kazetaritza digitala eta abar), eta, analisi horretan oinarriturik, estrategia eraginkorrak eta aukerak identifikatu ditu komunitate zientifikoaren, herritarren eta klimaren aldeko ekintzaileen arteko elkarrizketa indartzeko. Ikertzaileak, bere aurkikuntza nagusien sintesi gisa, Krisi Klimatikoa Ekosistema Digitalean Komunikatzeko Aukeren Dekalogoa proposatzen du. Agiri horretan, komunikazio eraldatzailea bultzatzeko etorkizun oparoena duten gakoak biltzen ditu.

Interkonektatutako eta informazioz betetako mundu batean, komunikazioa da erantzun klimatikoaren muina. Plataforma digitalek inoiz ez bezalako aukera-espazio bat sortu dute; izan ere, muga guztien gainetik jakintza zientifikoa zabaltzeko, komunitateak eratzeko eta narratiba kolektiboak sortzeko aukera ematen dute. Nolanahi ere, ingurune horrek baditu erronka garrantzitsuak ere. Desinformazioak, polarizazioak eta informazio-nekeak desegin egin ditzakete funtsezko mezuak, eta axolagabekeria elikatu.

Eraldatzeko komunikatzea

Alonso doktoreak bere azterketan nabarmendu duenez, “inportantea da soluzio eta eduki propositiboak komunikatzea eta katastrofismora ez jotzea. Oso garrantzitsua da krisi klimatikoari buruz mintzatzea, baina ez haren ondorioak hizpide hartuta, baizik eta soluzio posibleetan zentratuta”. Ikertzaileak azpimarratu du, orobat, beharrezkoa dela “komunitatea sortzea, hau da, eduki digital hori kontsumitzen duten pertsonek sentitu behar dute badela komunitate bat atzean, interakzioaren, gai komunen edo kontakizun komun bat sortzearen bidez”. Horretaz gainera, Alonsok nabarmendu du “emozioarekin konektatzen diren formatuak” erabili behar direla. “Ingurune digitaleko hizkuntza bisualek eta narratiboek herritarren enpatia eta inplikazioa eragiten dituzte”.

Bidezko trantsizio ekosozialaren ikuspegia gero eta pisu handiagoa ari da hartzen ikertzaileen eta aktibisten artean. Ikuspegi horrek planetan bizitzeko modua errotik berrantolatzea proposatzen du, muga ekologikoen barruan bizi-baldintza duinak bermatzera bideratuta. “Trantsizio horrek eskatzen du pertsonek eta komunitateek berraktibatu egin behar dutela beren ingurunean eragiteko eta behar diren eraldaketetan aktiboki parte hartzeko gaitasuna. Krisi klimatikoaren garaiotan, erabakigarria da ekiteko ahalmena izatearen sentsazioa berreskuratzea, hori baita ingurumen-diskurtsoarekin batera maiz agertu ohi diren fatalismoa eta paralisia borrokatzeko bidea”, azaldu du Ángela Alonsok.

EHUko ikertzaileak iradoki duenez, “aukeretatik abiatuta jardutea oso modu garrantzitsua da trantsizio ekosozial bidezko horri heldu ahal izateko. Egungo arazo nagusietako bat da erabiltzaile askok saihestu egin ohi dituztela krisi klimatikoari buruzko albisteak; izan ere, etsipena sortzen diete, iruditzen zaie ezin dutela egin ekarpenik edo arazo handiegia dela beren ekintzen bidez lagundu ahal izateko”.

Komunitatea ahalduntzea

Ildo horretan, ikertzaileak defendatzen du baliagarria dela bizimoduarekin lotutako ideiak komunikatzea. “Oso narratiba mobilizatzailea da; asko erakartzen du, batez ere gazteak”, kontatu du. “TikToken egindako azterlanak oso modu positiboan harritu gaitu; izan ere, ikusi dugu lifestyle edo bizi-estiloaren narratiba gisa eskainitako edukiek, hasiera batean axalekoak eman arren, soluzioetan edo aholkuetan oinarritutako eztabaida sortzen dutela erabiltzaileen arteko iruzkin eta interakzioen bidez, hala nola zerbait birziklatzeko ideiak, Do It Yourself edo zuk zeuk egiteko ideiak eta abar”, azaldu du EHUko ikertzaileak.

“Harritu gaituen beste gauza bat da, krisi klimatikoak egoera hain kezkagarria sortzen duen arren, komunitate zientifikoak beti duela oso jarrera propositiboa, eta are oso baikorra”, kontatu du ikertzaileak. Horrek guztiak pentsarazten du krisi klimatikoari buruzko komunikazioa ez dela gelditu behar datu hutsetan; “aitzitik, soluzioetara bideratu behar du, zenbait komunitatetan abian jarri dituzten ideiak proposatu edo ekintzak iradoki behar dira, konparazio baterako, ikus-entzuleak ahalduntzeko eta beren ekarpentxoa egin dezaketela sentiarazteko”.

“Aro digitalean komunikatzeak eskatzen du oreka aurkitu behar dela zorroztasunaren eta emozioaren artean, mezuaren urgentziaren eta itxaropen-beharraren artean —adierazi du EHUko doktoreak—. Gaur inoiz baino gehiago, klima-aldaketa komunikatzea datuak zabaltzea baino gehiago da, zentzua eraiki behar da, ulertzeko eta ekiteko tresnak eskaini behar dira, eta elkarrizketarako eta enpatiarako espazioak zabaldu. Sare sozialak, bideo laburrak edo transmedia-edukiak aliatu indartsu bihur daitezke, sormenez eta erantzukizunez erabiliz gero”.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ángela Alonso Jurnetek eginiko “Krisi klimatikoaren estaldura esfera publiko digitaleko diskurtso mediatiko eta aktibistetan” doktorego-tesiaren barruan gauzatua da, zeina EHUko Ainara Larrondo Uretak eta Jordi Morales i Grasek zuzendua baita.

Zenodo gordailuan daude eskuragarri dekalogo osoa eta haren infografia baliabide ireki gisa, eta libre da haiek kontsultatzea eta deskargatzea:   https://zenodo.org/records/18034677